2010/01/19

"Ceibal" plana Uruguayen: haur bat, ordenagailu bat

Ceibal plana (hasiera Ceibal proiektua deitua) Uruguayko martxorarte presidente izango den Tabare Vazquez-en iniziatiba bat da. Honen helburua, Uruguayko eskola publikoetako haur zein irakasle bakoitzak interneteko konexioa duen ordengailu bat izatea da. "Ceibal" izenak "ceibo" izeneko zuhaitzak, bere loreak (Uruguayko lore nazionala) eta mota horretako zuhaiztiek uruguaytarrentzat duten esanahi sinbolikoagatik aukeratu zuten. Hitza sigla bihurtu zuten, gaztelaniaz "Conectividad Educativa de Informática Básica para el Aprendizaje en Línea". Plan hau informazio eta ezagutzaren jendarterako inklusioa bilatzen duen plan zabalgo baten parte da.
Planaren oinarri estrategikoak honakoak dira:
Ekitatea, haur eta gazte guztientzako aukera berdintasuna, ezagutzaren demokratizazioa, eta aprendizaia eta horretarako tresnak izatea.
Plana ordenagailuan oinarritu da, ikasle eta irakasle bakoitzak horrelako bat izatean. Oro har, helburu hori bete da eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan errealitate bat da jadanik. Honela Uruguay aitzindari da mundu mailan gisa honetako planetan.
Teknologia berrien demokratizazioa, iraultza teknologikoa, propaganda hutsa, hezkuntza berrikuntza, marketing-a, negozioa, aukera berdintasuna... Hamaika izan dira uruguayen ceibal planaren harira entzun diren iritziak, bakoitza bere arrazoiaren zatitxoarekin; distira duen oro ez baita urrea, baina baita ere, amets handiak ez baitira bihurtzen errealitate gauetik goizera.
Gurean ere teknologia berrien eta zehatzago, ordenagailuen erabilera, ikasgeletan inposatzen ari da: ikastoletako ikasys proiektua, Euskal Autonomi Erkidegoko Hezkuntza sailaren proposamena, liburu eta arbela digitalen erabilera... Badirudi teknologia berriak gainera datozkigula inolako eztabaida eta hausnarketarik gabe.
Jarraian aurkezten den bideoa uruguayen martxan jarritako esperientziaren erakusgarri da. Agerikoa eta partziala bada ere, ez da izango bloggean gai honen inguruan publikatuko den gauza bakarra. Aurrerantzean, nire ustez gai honek duen garrantzia aintzat hartuta, ceibal planaren inguruko publikazio ezberdinak aurkeztuko dira; gai honen inguruko iritzi ezberdinak biltzeko ahalegin batean.
Gure herritik horrenbeste kilometrora garatzen ari den esperientzia hau izan dadila gurean egin denaren, egiten ari denaren eta egingo denaren inguruan hausnartzeko pizgarri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario